Presioa eta kirola
Hasieren eta amaieren hilabetea da iraila. Ikasturteari ekiten zaio, oporrak amaitzen dira eta karpetak zabaldu eta zikloak ixteko garaia da. Gauza bera gertatzen da kirolean ere. Batzuk hilabete honetan hasten dute ibilia, eta sasoi amaiera da beste batzuentzat. Baloia martxan jartzen da eta txirridunlaritza profesionaleko itzuli handien katea geratu egiten da Espainiako Vueltako helmugara iristean.
Psikologiaren arlotik begiratuta, denboraldi baten amaiera nahiz beste baten hasiera une garrantzitsuak dira, motibazio eta konfiantza maila altu eta egonkorrak determinatzeko garaia baita. Hala, garai horiek psikologikoki ondo kudeatzea gako da arrakasta lortu eta hura denboran zehar mantentzeko. Zalantzarik gabe, hori da bikaintasunera eta kalitatera bideratutako kirol elkarteen ezaugarri nagusienetako bat.
Motibazioa eta autokonfiantza bi aldagai aurreikusle dira lehiaketa estresari aurre egiteko orduan. Taxutze psikologiko egokia ahalbidetzen die kirolariei, eta estresari modu adaptatiboan aurre egitea.
Jar dezagun duela gutxiko adibide bat. Duela bizpahiru aste jokatu zen Kontxako Banderaren lehendabiziko jardunaldia. Hitzordu garrantzitsua da Donostian,Gipuzkoan eta Kantauriko kosta guztian; 1879tik milaka lagun erakartzen ditu iraileko lehen bi igandeetan. Modernitate dosiak dituen tradizioa da.
Halaber, txapelketarik garrantzitsuena da arraunlari guztientzat. Azaroan hasten dira entrenatzen, baina hasieratik bi egun horietan kokatzen da burua. Hamaika hilabeteko prestakuntza fisiko intentsua du, gutxitan psikologikoa, eta horren ostean agertzen dira Donostiako badian lehen igandearen aurreko ostegunean, sailkatze estropada jokatzeko. “Urduritasunaren estropada” bezala ezagutzen da, traineru asko ia derrigortuta baitaude zazpi txarteletako bat lortzera: urte guztiko prestakuntza dago jokoan, eta baita babesletzak, kirol errekonozimendua eta pasioak pizten dituen lehiaketa batean zure herriaren ohorea ere. Koktel hori guztia aurreko egunetan gainean eramaten du arraunlariak.
Baina horretarako prestatuta al daude arraunlariak? Zein dira kontuan hartu beharreko alderdi psikologikoak? Nola kudeatu presio guzti hori?
Dudarik gabe, helburuen planifikazioa da entretzaile guztien eskura dagoen lanabes psikologiko bat.
Helburuen planifikazioa teknika horri dagokion zorroztazunarekin egiteak bermatzen du kirolariek lehiaketaren arlo garrantzitsuenean jartzea arreta, eta bere errendimenduari dagokion expektatiba errealistak ezartzea txapelketako estresari berme gehiagorekin aurre egiteko.
Horrenbeste jokoan denean ez da erraza lehiaketako plana mantentzea, alabaina, eramangarriagoa da psikologikoki prest egonez gero.
Horren adibide bat jazo zen aurtengo Kontxako Banderan. Estropada guztian parean joandako bi traineru asko gerturatu ziren. 15. minutua zen, eta amaierako garaipenerako bidea zabalduko zien emaitza lortzeko borrokan ari ziren. Meteorologiak hainbeste baldintzatutako kirol batean, bi ontziek arraunak ukitu zituzten elkar, eta haietako bat zigortua izan zen, amaierako garaipenerako aukera guztiak galduz. Hilabeteetan zehar egindako espektatibak galdu egin ziren eta foku mediatikoa ontziko patroiarengan ezarri zen. 22 urte ditu patroiak.
Nola kudeatu egoera hori, zazpi egun barru berriz lehiatzeko?
Ez dago formula magikorik. Alde batetik, entrenamendu psikologikoak planifikazioa, lana eta denboran zehar mantendutako entrenamendua behar ditu, bai entrenatzaileen aldetik, baita kirolarien aldetik ere. Bestalde, beharrezkoa da kirol psikologia joko zelaian txertatzea, eta disziplina arteko lana egitea egoera erraztaileak osatu eta kirolaria psikologikoki ahalduntzeko. Guztia, goi mailako lehiaketaren eskakizunei arrakastarako bermeekin eusteko.
Leave a Reply
Want to join the discussion?Feel free to contribute!